Breadcrumb

Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Atzealdea 11. INSTANTZIA-AUZITEGIAK ETA BULEGO JUDIZIALA

11. INSTANTZIA-AUZITEGIAK ETA BULEGO JUDIZIALA

Espainiako 1978ko Konstituzioak sortu eta 1985eko Botere Judizialaren Lege Organikoak garatu zuen antolamendu judizialaren eredua kide bakarreko Epaitegian oinarritzen da. Gaur egun, gizarte- eta ekonomia-harremanen konplexutasunak eta auzigaitasunaren hazkunde handiak eskakizun berriak sortzen dituzte Justizia Administrazioaren antolaketan.

Antolamendu judizial tradizionalak, denborak aurrera egin ahala, zenbait disfuntzio eragin ditu Justizia Administrazioan, hala nola epaitegien espezializazio falta, alderdi judizial bakoitzean eskumen bera duten organoen ugaritzea, bitarteko justizia eta justizia ez-profesionala bultzatzea, eta lan-kargan eta gaiak ebazteko denboran dauden desberdintasunak. Digitalizazio-prozesu azkarrak antolakuntzaren eraldaketa errazten du.

Instantzia-auzitegiak. Eredua arrazionalizatzeak eta haren eraginkortasunak gomendatzen dute antolamendu judizialaren lehen mailak, antolamendu hori den aldetik, modu kolegiatuan jardutea, gainerako instantzia judizialetan gertatzen den bezala, eta gure inguruko beste herrialde batzuen ildo berean. Hala, Espainian 3.627 epaitegi daude, eta horietako bakoitzak epaile edo magistratu bat, Justizia Administrazioko abokatu bat eta horren zerbitzura dagoen langile-kopuru aldakor bat ditu; aldiz, Frantzian 288 Instantzia-auzitegi daude, Italian 140 Auzitegi Arrunt eta Alemanian 115 Barruti-auzitegi, adibide batzuk aipatzearren.

Antolakuntza-esparrua hobetzeko, Instantzia-auzitegiak ezartzeak Epaitegia kide bakarreko organo gisa kentzea ekarriko du, eta organo kolegiatu bat sortzea. Organo horretan sartuko dira bere eskumenen esparrua zabaltzen den lurraldeko lehen instantziako epaile guztiak. Malgutasun handiagoa sartuz eta espezializazioaren ondorioz lehenengo instantzian ebazpenetan kalitate handiagoa sustatuz.

Instantzia-auzitegiak ezartzeak epaileen birbanaketa ekarri beharko du, beren eskumenen eremuan, epaitegi batzuen eta besteen arteko lan-kargan gaur egun dauden desorekak ez gertatzeko; era berean, mota bereko gaiak ebazteko denboran dauden desberdintasunak desagerraraziko dira, eta, gainera, epaileen espezializazio handiagoa eta lan-baldintzak hobetzea ahalbidetuko da. Horrek zerbitzu publikoaren kalitatea hobetuko du. Epaileen arteko ordezkapenak bultzatuko ditu, errefortzuak izendatzea saihestuko du eta “bitarteko justizia” delakoa pixkanaka bukatzea ahalbidetuko du.

Bestalde, jurisdikzio hutsaren ikuspegitik, Instantzia-auzitegiek eskubidea interpretatu eta aplikatzeko irizpideak bateratzea ahalbidetuko dute. Horrek ekonomia suspertzen ere lagunduko du; izan ere, segurtasun juridikoa eta gatazkaren kasuan erantzun judiziala aurreikustea produkzio inbertsio guztietan behar den konfiantzaren euskarriak dira.

Aurrekoaz gain, erreforma horrek Bulego Judizialaren ezarpenaren ondorioz sortutako antolakuntza-hobekuntzak baliatzeko aukera emango du. Hobekuntza hori unitateen espezializazioan eta zerbitzu komunak sortuz ahaleginen kolegiazioan oinarritzen da.

Bulego judiziala. Abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak, Botere Judizialari buruzko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duenak, beste antolakuntza-eredu bat ezarri zuen Bulego Judizialean. Honela definitzen du Bulego hori: “izaera instrumentaleko erakundea, modu esklusiboan jarduera jurisdikzionalari sostengua eta laguntza ematen diona”, eta hierarkiaren, funtzioen banaketaren eta koordinazioaren printzipioetan oinarritzen dena.

Era berean, Botere Judizialaren Lege Organikoaren arabera, Bulego Judizialak irizpide hauen arabera funtzionatuko du: bizkortasuna, eraginkortasuna, lanaren arrazionalizazioa, kudeaketaren ardura, Administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza, herritarrek kalitatezko zerbitzu hurbil bat lor dezaten, Justiziaren aurrean herritarrek dituzten Eskubideen Gutunean jasotako printzipioak errespetatuz.

Eredu berria definitu zenetik 17 urte igaro ondoren, Espainian dauden 431 alderdi judizialen % 10ean besterik ez da ezarri. Ezarpen urri horren arrazoiak asko dira, baina, zalantzarik gabe, hiru dira orain arte erabakigarriak izan direnak:

  • Egungo egitura judizialekin (Epaitegiak, Instantzia-auzitegien ordez) bat ez etortzea.
  • Eraikin judizialak prozesuko zerbitzu komunak hartzeko espazio handien beharretara gutxi edo batere ez egokitzea.
  • Espediente judizialak formatu digitalean osorik tramitatzeko ezintasuna.

Helburu horretarako bideratzen ari den proiektuan aurreikusitako Instantzia-auzitegiak ezartzeko proiektuarekin eta prozedura judizialak elektronikoki izapidetzeko aukerarekin, are auzitegitik urrun dauden kokapen fisikoetatik ere, Bulego Judizialaren mapa arrazoizko epe batean osatzeko aukera irekitzen da.

“Bulego Judizial Digital” baten proiektuak aukera ematen du bulego judizialak teknologia produktibitate eta eraginkortasun handiagoaren zerbitzura dagoen tresna bihurtzeko, kalitatearen eta bikaintasunaren zerbitzura, eta Justizia Administrazioko abokatuen funtzioak garatzen jarraitzeko. Bulegoa “digitala” izateak, metodo analogikoei uko egiteaz gain, komunikazio- eta harreman-kanaletan aldaketa handiak egitea dakar, bai barnekoa (antolakundearekin berarekin), bai kanpokoa (profesionalekin, erabiltzaileekin edo beste erakunde batzuekin), eta horrek kultura-aldaketa handiak ekarriko ditu ere. Justizia Zerbitzu Publikoa emateko egiturak berrantolatzeari lotutako aurrerapen teknologikoek, eraginkortasuna hobetzeaz gain, aukera emango dute bertara iristeko, distantzia fisikoa oztopo izan gabe.

Itzuli zerrendara